Erandiok tokiko toponimia berritu eta egokituko du
Erandioko Udalak tokiko toponimia berritu eta egokituko du, jatorrizko leku izenak berreskuratzeko. Aldaketa apur-apurka egingo da, izen berriak gizarteratzeko lana eginez eta jendeari ezagutzera emanez, ezusteko handi barik ohitzeko moduan. Horrela, aurten, oraindik, ez dira kale eta bide izenen plakak aldatuko. Bakarrik aldatuko dira obrak edo bestelako arrazoiak direla eta plaka berriak egin beharra dagoen kasuetan. Gainontzeko kale eta bide izenen plakak datorren urtean aldatuko dira. Aurretik, baina, Udalak liburuxka bat eta web orria argitaratuko ditu toponimoen nondik norakoak azaltzeko. Udalak herritarren eskura jarriko ditu eta etxeetara ere banatuko ditu liburuxkak eta 10.000 plano berri. Gainera, Erandioko ikastetxeetan unitate didaktiko bereziak landuko dituzte, leku izenak ikasleen artean ezagutzera emateko.