ASTRABUDUKO HEZEGUNEAN HOBEKUNTZAK EGITEKO ESKARIA LUZATU DU UDALAK
Erandioko Udalak eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzari Avanzada errepidearen ondoan kokatutako Astrabuduko hezegunea baldintza egokietan mantentzeko beharrezko diren neurriak har ditzan. Euri jasa handiak izaten direnean, ur-masa horrek uholdeak eragiten ditu Astrabudua auzoan. Eusko Jaurlaritzak izendatu zuen hezegune inguru hori eta Jaurlaritzari dagokio, URA Uraren Euskal Agentziaren bidez, erreka eta ibaien mantentze lanak egitea. Udondo errekaren inguruan mantentze lan iraunkorragoak egiteko eskatu dio Udalak URA erakundeari. Inguruko belar-sastrakak garbitzea izan da egindako azken lana, baina ez da lortu errekaren kanalizazioa hobetzea.